MAT-aren (oso tentsio altuko linea) eta honen beharra duen munduaren aurkako akanpadak bost egun daramatza jada Fellines-eko (Girona, terres catalanes) baso batean, Amalurraren aldeko erresistentzi aktiboa sustatzen. Egun gutxi hauetan ehun bat pertsona bildu gara, bai inguruetatik eta bai Espainiar Estatuaren mugen kanpo eta barrutik gatozenak.
Ekimen desberdinei eman zaie garrantzia bertan: ingurua ezagutzea, obren garapena egaztatzea, borroka esperientzia eta estrategiak elkarbanatzea, difusio lana eta agitazioa…
Goizero egindako irteeretan Girona aldeko lurretan eraikitzeke dagoen ibilbidearen dorreen lanak azkar doazela ikusi ahal izan dugu, Bescanó-tik Santa Llogaia d’Alguema-ra doana hain zuzen. Leku batzuetan obrak hasita daude, dorreentzako zimentuak lurrean jarrita. Beste batzuetan, ostera, ingurua garbituta dago (zuhaitzak moztuta eta sasitsa garbituta), edota makineriarentzako bideak irekitzen hasita.
Amalurraren aldeko mugimenduen arteko saretzeari ere indar handia eman zaio, eta, jatorri desberdinetako jendearen eskutik, iraganeko eta oraineko borroken inguruko informazio desberdina elkartrukatzeko aukera izan dugu. MAT-aren eta Normandie-ko industria nuklearraren aurkako mugimenduak, Ariège (frantziar Estatuaren Hegoaldean) inguruko parke eolikoen aurkako borroka, petrolioaren ustiapenerako enpresak (hala nola Repsol) Perú-ko Amazonian egiten ari diren sarraskiak… Estrategia eta praktika posibleen inguruko eztabaidak etengabeak dira.
Inguruko herrietara ere irtenaldiak egin dira, non eta lekukoekin bat egin eta elkartasun adierazpenak jaso ditugun. Hala ere, MAT-a egina dagoela edo zer eginik ez dagoela uste dutenei, galtzen den borroka bakarra alde batera uzten dena dela diotsague tinko.
Egoera oso aldakorra da. Obra desberdinetan izan arren, langileak egunero ari dira lanean, eta argi uzten dute enpresek ahalik eta azkarren bukatu nahi dutela. Beraz, garrantzitsua da parte-hartze iraunkor eta jendetsua mantentzea, suntsipen makina honi gurpiletan trabak jartzen jarraitu ahal izateko, atzerapen egun bakoitzak kalte ekonomikoa suposatzen duela ahaztu gabe.
Adierazpen honen bidez, arrasaldero kanpalekuan egiten ditugun asanbladetara urreratzeko gonbidapena luzatzen dizuegu, bai eta obretara egiten ditugun irtenaldietara ere. Hala ere, MAT-aren, eta honek irudikatzen duen munduaren, aurkako borroka, txoko guztietara zabaltzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.
MAT-aren eraikuntzan parte hartzen ari diren enpresetako batzuk ondorengoak dira:
– Red Electrica de España (REE)
– Siemens
– Vinci
– Eulen
– Rotella
– Promsa
– Garoc
– Grues Güell
– Estabanell
– Inelgir
– Terroca Treballs
– Elecnor
– Monfo SL.
Azkenik, Catalunya-ko nekazal sindikatu nagusia (Unió de Pagesos) egiten ari den lan zikina aipatu beharra dago, oraindik lurrak saltzeko sinatu ez duten herritarrengan presioa egiten ari baita dirua ahalik eta azkarren onar dezaten, ordainsaririk gabeko desjabetzarekin mehatxu egin eta azken momentura arte borrokan tinko jarraitzeko aukerarik ez dagoela sinestaraziz.
Hau ez da hemen bukatzen.
Iluntasunean ikusiko dugu elkar.